LEKUONAK PROIEKTU GLOBALA IZATEN JARRAITUKO DU


LEKUONAK PROIEKTU GLOBALA IZATEN JARRAITUKO DU

ERRENTERIA – ORERETARAKO

EHBILDU ETA ERRENTERIA IRABAZIZ TALDEEN PRENTSAURREKO BATERATUA

thumbnail_img-20170120-wa0003

Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014ko urrian Lekuonaren baitan sinatu zuten hitzarmena aldatzea ebatzi dute. Bi administrazioen arteko adostasunak Lekuonan Arte Eszenikoen Zentroa eraikitzea zuen helburu, Euskal Herrian eta Nazioartean erreferente izateko anbizioz sortutako proiektua. Apustu irmoa egin genuen eta egiten jarraitu nahi dugu kulturan, elkarbizitzari eta garapen pertsonalari egin diezaiokeen ekarpenean sinisten dugulako. Era berean, gure herriaren garapen sozioekonomikoan eragitea eta ekonomia eredu sortzaile bateranzko trantsizioari ateak irekitzea proiektuaren erdigunean kokatzen genuen, langabezia eta per kapita errentaren datu kezkagarriei erantzuna emateko erronkari eutsiz. Zalantzarik gabe, apustu sakon eta estrategikoa zen, Errenteria 2025 Plan Estrategikoa aintzat hartzen zuena.

EHBildu eta Errenteria IrabaziZek adierazi nahi dugu hasierako proiektuak aurrera jarraitzen ez badu egungo Foru Aldundiko Kultura Departamentuak 700 eserlekuko auditorioa kentzeko proposamena egiten zuelako da, gure herriko eragile kulturalek hainbeste eskatutakoa. Auditorioa gure herriarentzat oso garrantzitsua da, eta hori kentzeak proiektua erreferente izatetik urrun kokatzen zuen. Egoera honen aurrean, gure herriarentzat onena proiektua norabidez aldatzea eta herrialde mailako proiektu izatetik herri mailakoa izatera pasatzea dela ulertzen dugu; betiere, Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren esentzia eta Errenteria ADN Kreaktiboa markak mantenduz. Orobat, eraikinak sorkuntzarako gune izaten jarraituko luke, dinamika literarioa bilduko lukeen liburutegia barnean kokatuz, baina bestelako sorkuntza garatzeko espazioak eskainiz, auditorioa, besteak beste. Hain zuzen ere, proiektuen arteko osagarritasuna eta elkarlana sustatuz eta proiektu globalen ideia lehenetsiz. Dena den, gure herriko eragile sozial, politiko eta kulturalei dagokie Lekuona proiektua edukiz janztea.

Aste honetan zehar Errenteriako PSE-EEk bidalitako panfleto bat jaso dugu etxeetan, Lekuona espazioa gai nagusitzat zuena. Bertan, Errenteriako bozeramaile den Jose Angel Rodriguezen eta Kulturako Diputatu den Denis Itxasoren gutunak jasotzen dira. Honen bidez, Errenteriako PSE-EEk azken urteotan Lekuona gaiarekin izan duen irudi kaskarra garbitu nahi izan du, haien gezurrek eta jarrerek egoera lotsagarrietara eraman baitituzte sarritan.

Kezkagarriena herriarentzat estrategikoa zen proiektu batekiko Errenteriako PSE-EEk erakutsi duen ikuspegi eza da. Ez dute proiektua ulertzeko saiakerarik egin, ez dute proiektua ulertu nahi izan. Partidu interesak herri interesen gainetik lehenetsi dituzte.

PSE-EEren proposamena Lekuonan eredu zaharretan oinarritutako liburutegia eraikitzea zen eta da egun. Proposamena baino gehiago, garapenik gabeko ideia sorta da eskaintzen digutena, herriko eragile sozio-kulturalen behar eta dinamikak kontutan hartu gabe osatu dutena. Ez die balio izan liburutegirako egiten den proposamen berria, deszentralizatutako liburutegi sarearen sorrera izango dena, eta Beraunen liburutegi baten irekiera dakarrena. Kritikatu besterik ez dute egin, eta horren adierazle da aurrekontuan Beraungo liburutegi eta Kultur Etxerako aurreikusia zegoen partidan 150.000€ko jaitsiera eskatu zuen alderdi bakarra izatea, eskaera horrekin Beraungo proiektua bideraezina bilakatuz. PSE-EEek ezezkoa eman dio urte hauetan zehar proiektu estrategiko honi arrazoi bakarragatik: proiektua haiena ez izatea.

Iazko irailean, proiektua kolokan egon ez zedin, enegarren aldiz eskatu zitzaien proiektuaren aldekotasuna adierazteko udalbatzan Lekuonaren aldeko mozioa onartu zenean. EHBilduk, Errenteria IrabaziZek eta EAJ-PNVk aldeko bozka eman genuen, denek PSE-EEk izan ezik. Jarrera honekin lortu duten bakarra Diputazioko Kultura Departamentuak hasierako proiektua aldatzeko proposamena mahai gainean jartzea izan da. Proposamen honek hasierako proiektuari ateak itxi dizkio, gure herriaren garapen kultural eta sozioekonomikoarentzat inflexio puntu garrantzitsu beharko zukeena kolokan jarriz. Hortaz, PSE-EEk bere burua zoriontzeari utzi beharko lioke, mesede gutxi egin baitio bere jarrerarekin gure herriaren etorkizunari eta, ondorioz, Oarsoaldeari.

Ondorio gisara, bi indar politikook Errenteria 2025 Plan Estrategikoan adostutako eta Errenteria ADN Kreaktiboa markan definitutako ildo estrategikoekin jarraitzeko apustua egiten dugu, honek eramaten baitu gure herria sorkuntzaren erreferente izatera. Dena den, etorkizuneko proiektua herritarrek eta eragileek erabakitzen dutena izango da. Hortaz, Errenteria- Oreretako eragileak animatu nahi ditugu proiektu honen eraketan parte hartzera. Herriaren osotasunari baitagokio Lekuona garatzea eta martxan jartzea.

Orereta-Errenterian, 2017ko urtarrilaren 20an

EHBildu eta Errenteria IrabaziZ

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s